XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GERTAERA BATEN GAINEAN ERAIKITAKO MUNTAIA

EUSKARAREN betiko kontrarioek antolatu muntaiaren aurrean makurtu da HABE salatu du AEK-ren arduradunak.

Erdizkako egia da hori, noski.

Asmatutako gezur batekin antolatutako muntaia balitz izango bailitzateke egia osoa.

Baina gertaera baten gainean antolatutako muntaia da. Eta HABE ez da inoren muntaiaren aurrean makurtu, gertaeraren bidegabekeriaren aurrean baizik.

Euskarak etsai amorraturik baduela badakigu.

Lehen eta orain. Begi bistakoa da.

Igerle izan beharrik ez da gero ere izango dituela asmatzeko.

Eragozpen hori beti izango dugu.

Baina eragozpen hori haunditzea eta ttikitzea gure esku ere izan daiteke.

Eta ttikiak haundia asmoz eta jakitez bakarrik mendera badezake, euskarak geuk egindako etsairik baduen ere galdetu beharko diogu euskaltzaleok geure buruari.

Zoritxarrez, gehiegitan erabili dugu euskara, emakumearen, ekologiaren, presoen eta abarren arazoa bezalaxe, sistemaren kontrako armatzat.

Baita borroka armatuaren aldeko armatzat ere.

Eta besterik gabe etsaiak egin ditugu; euskara bortizkeriari lotzeko interesa dutenak: euskara, ikastolak, euskaltegiak, abertzaletasuna eta dena, alegia.

Baina horretan lagundu ere laguntzen diegu, behin baino gehiagotan.

Zenbaitek berariaz, apropos eta gogotsu saiatu delako euskara borrokari eta istiluei lotzen.

Beste zenbaitek, ikasgaiei bizitasuna eman nahian xalotasunez, xanokeriaz.

Jolas gisa, norbait bahitzen, lehergaiak egiten eta abarretan ikasleak jartzeak, xalotasunaz edo gaiztakeriaz jarri, ondorio berdina du.

HABE, ordea, ez dago asmo onez ala txarrez egina den epaitzeko, metodoaren bidegabekeria eta ondorioak baizik.

Bahiketa, lehergaiak eta abar joko gisa hain erraz onartzen dituenak onartuko ote luke bere ikasleak ETAko kideen, ETAk bahitutakoaren, hiltzaileen eta bahitzaileen bila edo antzeko jokorik?

Ez al luke pentsatuko euskararen irakaskuntzaz batera, bidenabar, salatari eta polizia izaten ere erakusten ari dela?

Eta ez dira adibide berdinak, noski: batzuk giza-eskubideen kontrakoak baitira; besteak, berriz, giza-eskubideen zapaltzaileen kontrakoak.

Hala ere, ez dirudi inor erortzen denik bigarren adibideen erabileraren arriskuan eta maltzurkerian.

Horren xalorik eta xanorik ez da, nonbait.

Euskararen munduari askok begiratzen dio begi gaiztoz.

Kontuan izan beharko genuke.

Lanbideak beharturik, gogo haundirik gabe, ikasle asko etortzen da euskararen mundura.

Asmo zitalez eta maltzurrez ere ingura daiteke bat baino gehiago.

Burrunba haundiz salatuko duenik ere agertuko da tartean.

Hori ere kontuan izan behar da, inori ezeren aitzakiarik eta arrazoibiderik eman ez diezaiogun gure arinkeria, xalokeria, bipilkeria, abertzalekeria edo iraultzalekeriagatik.

Emaitzak neurtzerakoan ez dugu zenbat euskaltzaletu eta euskaldundu ditugun bakarrik kontuan izan behar, baita zenbat uxatu, uzkurtu eta etsaitu ditugun ere.

Euskararen irakaskuntzaren ardura dutenek argi ibili behar dute, horrelakorik gerta ez dadin.

Asmorik gaiztoenaz salatuak badira ere, okerra zuzentzat jotzen eta zuritzen ezin dira jardun arduradunak.

HABEk, beraz, egin behar zuena egin du.

Hori baita euskararen betiko kontrarioek muntaiarik ez antolatzeko biderik onena.

AEK-ko arduradunek ere hobe lukete eskandalarri guztiak kentzen saiatuko balira. Egiak edo gezurrak, haundi samarrak entzuten baitira.

M. Atxaga

HABE ez dago inoren asmoak epaitzeko, metodoaren bidegabekeria eta ondorioak baizik